XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Donatus euskaldun marinelak, beti, zegoen lekutik alde egiteko zuen grina bitxia, ahaire estrainio batek aginduko bailuan.

Irla Bakartiko farozainak badaki, aspalditik jakin ere, abots batek gidaturik doala marinela, noraezean bezalatsu dabilela bera, arima erratu bat dirudiela ozeanoaren erdian betirako galdurik.

Hobeto esanda oraindik, arima erratu bat izan beharrean gorputz erratua dela arimarik gabe.

Donatus marinelak ahaire bat entzun ohi zuen beti gibel aldetik.

Beti atzetik zerbait agintzen zion.

Lemari irmo oratuz ahaire hori entzuterakoan, bira ematen zuen eta hala ere kantua beti gibeletik zetorkion.

Aspalditik daki Irla Bakartiko farozainak beti Herioaren adierazgarri den kanta bitxi bat datorkiola marinelari atzetik, baina badirudi marinelak ezin duela deusik egin hortik itzurtzeko, ez dela berak igorritako seinaletaz ongi jabetzen.

Badirudi Donatus Nepenthe iturritik edatera ohitua dagoela, nahi eta nahi ez, Homerok zioenez Nepenthe bait zen ahanzkortasuna ekoizten zuen likorea.

Donatus marinelari behin baino gehiagotan esaten zioten edozein portutara iritsi bezain fite: deabruari ez egiok kasu gehiegirik.

Baina nolabait azaltzekotan: zer egin zezakeen berak zurrunbilo hilkor hortatik ihes egiteko?

Egitan esateko: arimarik gabeko gorputz bat da marinela, batetik bestera etengabeki doana.

Neu ere halakoxea izan nintzen, aspaldi, nere garaiean.

Neu ere gorputz gabe ibilia naiz, baita arimarik gabe ere.

Orain halabeharrak farozain jarri banau ere, Irla Bakarti eta desolatu honetan.

Hemendik ikusi ohi dut marinela betirako pasatzen bere itsasontzian, aurreruntz, atzeruntz... itsasoaren mugagabetasunean erraturik...

Jakintsu askok diotenez marinel holandesa arima erratua zen; Donatus euskaldun hau berriz gorputz erratua da arimarik gabe.

Geuk, zaintzaileok, badakigu non dagoen orain bere gorputza, nondik nora dabilen, eta baita ere non geratu zen aspaldian bere arima.